Surf zalea bazara, Euskadin, bapo!! Murgildu zaitez Kantauri itsasoan, olatuak ugari baitabiltza beti euskal kostaldean zehar. 50 olatu desberdinetik gora guztira... Hondartzak, kultura, eta eskaintza paregabea zain dituzu!
Kantauri Itsaso bihurriaren eta gure ondartzen baldintzek oreka paregabea eskaintzen digute abentura, aisialdia eta naturaren artean, kirola honetan ezin hobeto jarduteko. Ohola eta Itsaso bizia nahikoa dira Euskadiren ikuspegi berri bat izateko.
Sopelako La Salvaje hondartzan, Getxoko Ereagan, edota Elantxobe eta Ea artean dagoen Lagan, olatu bikainak izaten dira... Eta jakina, surfa maite baduzu Mundaka eta Zarautzera ezin hutsik egin
Mundakan daukagu Europa osoko ezkerraldeko olaturik luzeena... Alegia: hodi amaigabeak, ibilaldi luze eta azkarrak, eta gure mugetatik haratago sonatua den epika.
Eta surfa hondartzatik gozatzen dutenetakoa bazara, Euskadin baduzu aukera txapelketak nonahi izaten baitira... Eta hauen artean azpimarratzekoak, ia hilabetero ospatzen diren Nazioarte mailakoak.
Euskadin surf-zaletasuna izugarri hazi da, eta hainbat euskaldun profesional ere bilakatu dira, hauetariko batzuk munduko onenen artean kokatu direlarik.
Halere, ez da ezinbestekoa trebezia handia izatea surfarekin gozatzeko; Euskadiko hondartza eta olatuek era guztietako aukerak eskaintzen dituzte, norberaren kirol mailaren araberako olatuetan murgildu ahal izateko.
Euskadin surf egitearen abentura ikusgarria aukeratzen baduzu, olatu guztiak, hondartzak eta ingurunea oso modu berezian gozatuko dituzu. Aukerak, esanda bezala, ugariak eta tankera guztietakoak dira: bakoitzaren maila gorabeheran, hamaika zerbitzu dituzu eskura: surfa egiten hasteko, profesional zailduek zuzentzen dituzten izen handiko eskolak, ostatuak, eta baita egitaraua erabat surfaren inguruan antolatzen duten surf-camp izeneko egoitzak ere. Gidari lanak egiten dituztenak ere badira... Hauen babesean, olaturik onenak une egokian hartu ahal izango dituzu.
Gogoa eta abenturarako grina nahikoa dira, eskaintza paregabe honekin asebetetzeko.