Actualidad Videos promocionales Actualizado hace 134 días
Estatuko lehen turismo bulego teknologikoa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak Loiuko aireportuan.
Informazio Turistikorako puntu berri hau oso garrantzitsua izango da aireportuan lur hartzen duten bidaiarientzat, izan ere, herrialde berritzailearen irudia erakutsi nahi duen instalazio dinamiko eta erakargarria du.
(Bernabe Unda): "Turismo bulego hau oso garrantzitsua izango da hainbat arrazoirengatik: turistek gure lurraldea zapaltzen dutenean ikusiko duten lehen gauza izango delako, gure herrialdearen irudia erakutsiko duelako, etorkizunera begira dagoen herrialdea. Gainera, bulegoaren bidez lehen eskutik lortuko dute Euskadi bisitatzeko beharko duten informazio guztia. Irudiak eta tokiak ezagutuko dituzte, eta informazioarekin elkarreragin dezakete".
Bulegoa Bilboko Aireportuan integratzeko argia erabili dute funtsezko elementu gisa instalazioaren diseinatzaileek. Forma zirkularra du, irudiak oso bereizmen handian proiektatzen dituzten 7 pantailaren bidez osatua, eta horrek itsasargi bihurtzen du bulegoa.
(Isabel Muela): "Euskadira datozen bidaiarien atentzioa erakartzeko itsasargi gisa funtzionatzea da bulego honen helburua".
(Pilar Zorrilla): "Oso garrantzitsua da, hegazkinean datozen turista guztien atea delako, eta, egia esan, hain zuzen ere Bilboko Aireportuaz baliatu nahi ginen informazio puntu berritzaile, teknologikoki oso aurreratu hau ezartzeko. Eta, batez ere, herritarren eta turisten zerbitzura dago, beharrezko informazio guztia jaso dezaten. Eta gainera, ikusgarria da, erakargarria, liluragarria, aireportuko toki askotatik ikus daiteke, eta uste dut asko erakartzen duela".
Iturralde y Sagüés Ingenieros enpresaren diseinuaren bidez Euskadiren kultura, tradizioa eta modernitatea islatzen du.
(Pablo Palacios): "Ideian lanean hasi aurretik tokia bisitatzen egon ginen. Asko gustatzen zaigun eraikina da, enblematikoa da, eta, gainera, ikusi genuen aukera asko eskaintzen zituela, izan ere oso toki soila da, oso argitsua. Eta pentsatu genuen hemen, erdialdean, areto simetriko honetan oso ongi geratu litekeela hau bezalako informazio puntu bat, forma zirkularrarekin, pantaila eta irudi askorekin. Eta edozein tokitatik, pertsona bat kanpoaldetik autoan badator ere, itsasargi hau ikus dezake. Beraz, jendea erakarri nahi dugu Euskadi ezagutu dezan".
(Fabian Spang): "Euskadiren idiosinkrasia birsortzen saiatu gara. Euskadiren gai tipikoak islatzen dituzten materialak izan ditugu kontuan. Harria, egurra, kulturaren parte bezala. Gero, jakina, teknologia ere islatu nahi genuen, eta horregatik ikuspuntu hori islatzen duten materialak bilatu ditugu".
Bisitariak esertzeko aulki bat sortu du Jose Pablo Arriaga artistak.
(Jose Pablo Arriaga): "Izatez hau da besarkada bat. Da kanpotik etortzen den pertsona batentzat, da ongi etorria emateko egiten den besarkada. Orduan daukana da bi elementu, bata da egurra bertoko materiala eta bestea da mundu guztian ezagutzen dugun materiala, kuxin bat izango bazan modura, biguna, eta hor erakartzen zaituena jartzeko, eta gero beste inguruak besarkatu egiten zaituena".
Turismo bulegoaren kanpoaldean bi ukipen-pantaila daude. Bertan, aplikazio baten bidez, jakin beharreko gai guztien inguruko informazioa jasoko dute aireportura heltzen diren turistek.
(Iñigo Burguera): "Aireportura heltzerakoan jendeak behar duen informazio guztia jasotzeko da puntu hau. Hemen hasierako menua dago; bertan hainbat tokitara joateko autobus lineak daude, hainbat garraio mota, aparkalekuen kontua, iraupen luzekoa, nola funtzionatzen duen, salneurriak, eta abar... Uneoro, aukera dauka, adibidez, ibilgailuen alokairuen inguruko informazioa begiratzen ari banaiz, informazio hori zuzenean nire telefonora edo nahi dudan helbide elektronikora bidal dezaket, edozein momentutan nire telefonotik edo etxetik ikus dezadan.
Adibidez, ni hona banator eta ikusten ari naizen informazioa eraman nahi badut, smartphone baten bidez BiDi kodeen irakurgailu batekin telefonoa gerturatu, telefonoak kodea detektatzen du, eta zuzenean eduki guzti hauek sarean ikustera narama".
Ikus-entzunezko instalazioak 85 hazbeteko 7 pantaila dauzka, eta turistek horiekin elkarreragin dezakete. Gainera, ikusleen arreta erakartzen duten truku bisualak sortzen dituzte.
(Francisco Muñoz): "Bereizmen handiko 7 pantaila dira, bakoitzak bereizmen handiko irakurgailu bat du, eta sinkronizatuta daude. Dinamismoa dauka, pantaila guztiak ari dira irudiak erreproduzitzen, eta informazio puntuari birak ematera gonbidatzen zaitu.
Arena Comunicacion Audiovisual arduratu da irudiaren atalaz.
(Pablo Iraburu): "Hau zilindro bat izango zela erabaki genuenetik, bidaiaria orientatuko zuen argia emititzen zuen itsasargi bat (hemen hegazkineko bidaiari bat da, eta itsasargiak nabigatzaileak orientatzen ditu), ideia hori oinarrian izanda hasi ginen lanean.
Zailtasunak: lehenik eta behin Euskadiren eskualdeak era orekatuan irudikatzea; hondartzak gehiegi ez erakustea, edo topikoak gehiegi ez erabiltzea, Euskadik duen aberastasuna era homogeneoan adieraztea edukiari dagokionez. Hori edukiari dagokionez, eta teknikoki bereizmen oso handiekin ari gara lanean, bereizmen handiko 7 pantaila dira... Beraz, teknikoki, irudi guztiak mugitzea, grafismoa egitea, pixka bat zaila zen".
Audientziak neurtzeko eta aztertzeko ekipo berritzailea ere badu turismo bulego honek.
(Francisco Muñoz): "Neurgailu hau oso aurreratua da. Arraza ikustea ahalbidetzen du: kaukasoarra, asiarra edo beltza bada; adina ezberdintzen du, 25 urtetik aurrera edo 25 urte baino gutxiago; gizona edo emakumea, mutikoa ala neskatoa den ezberdintzen du; eta pantailari begira ari zaren denbora ere bai. Datuokin, zein informazio mota eskaini dezakezun jakin dezakezu, edo zerk hartu duen arreta gehien, edo nolakoak diren ohiko bisitariak...".
Helburu nagusia, Bilboko Aireportura datozen bisitariei ongi etorria ematea eta eragin positiboa sorraraztea eta, nola ez, informazioa eskaintzea.