City breaks Touring Actualizado hace 234 días
Murgildu zaitez, abangoardia, tradizio eta gastronomiaz blai dagoen hirian.
Sentitu, munduan bakarra den zubira igotzearen magia; sukaldaritzaren altxorrik onenak dastatzea... eta egungo museorik berritzaileen artean ibil zaitez.
Bilbok hamaika aukera eskaintzen dizkizu bestelako Euskadi bat deskubritzeko. Getxoko portu modernotik hasi, Unescok Gizateriaren Jabegokoa izendatu zuen Bizkaia zubi esekitik jarraitu... eta Bilbao hiriburu polifazetikora helduz.
Aukera aunitz zabalduko zaizkizu parez-pare, zure bisitaldia berezi eta ahaztezin bihurtzeko.
Mendi ederren artean eta Nerbioi ibaia zaindari duela, Bizkaiko hiriburuak garai berrietara egokitzen jakin du, betiko ohitura eta tradizioen erakargarritasunik galdu gabe.
Bilboren eraldaketa hau ongien adierazten duen ikurretako bat, Guggenheim Museoa da. Frank Geryk diseinaturiko museo honetan ezin hobeto ezkontzen dira kareharria, beira eta titanioa. Museo honen ikusgarritasun eta kalitateak, barrutik zein kanpotik bertako artelan bakarrekin gozatzeko aukera zabalduko dizu.
Abandoibarran daukagu Bilbo abangoardistena. Hementxe daude hiriko eraikin ezagunenetariko zenbait, esate baterako Arte Ederren Museoa. Bertan badira, margolan, eskultura eta grabatuen artean, 6.000 artelanetik gora. Hemen da, baita ere, orain urte batzuk Biltzar eta Musika Jauregi eder bihurtu zen Euskalduna Ontziola zaharra izandakoa ere.
Nerbioi ibaiari jarraiki, Alde Zaharrera helduko zara. Hauxe da Bizkaiko hiriburuko txokorik ikusgarri eta erakargarriena. Bertako zazpi kaletan murgiltzeko parada ezin hobea izango duzu; izan ere, hemen finkatu baitziren hiriko lehen salerosketa-guneak, eta gaur egun ere Bilboko merkatal gunerik garrantzitsuenetakoa da..
Alde Zaharrean Artea ere nonahi topatuko duzu; esate baterako hortxe dago Plaza Barri ezin ederragoa; Euskal Museoa ere bertatik bertara, eta Miguel de Unamunoren eskulturak ere merezi du geldialditxoa egin eta patxadaz begiratua botatzea.
Inguru honetan Bilboko gastronomia dastatzeko aukera franko izango duzu. Jatetxeak nonahi daude, eta baita gure sukaldaritzaren altxorra diren pintxoekin gozatzeko parada eskainiko diguten hainbat taberna ere. Honetarako, Plaza Barri da, ostera ere gune aproposa da, neurri txikiko sukaldaritza honekin asebetetzeko: ohiko pintxo tradizionaletatik hasi eta berritzaileenak, denak izango dituzu aukeran.
Kultura eta zuzeneko artezalea bazara berriz, 7 kaleetatik Areatzara irten bezain pronto, hiriburuko eraikin aipagarrienetako bat aurkituko duzu: Arriaga Antzokia. Parisko Opera inspirazio-iturri duen eraikin neoklasiko honetan, hamaika kultur eta arte ekimen antolatzen dira gaur egun.
Gaztelaniaz Botxo deitu ohi den Bilbok era guztietako jarduerak eskaintzen dizkizu, beraz; baina baita patxada ederrean atseden hartzeko lekuak ere... Doña Casilda izenekoaren moduko parkeetan, arnasa bapo hartzeko beta izango duzu, gure hiri anitzaz gozatu ondoren.