Videos promocionales City breaks Enogastronomía Actualizado hace 343 días
Oinatzak hondarra zapaltzen sentitu itzazu Kotxako hondartzan paseatuz... dastatu munduko sukaldaritzarik onenetarikoa, edota igo zaitez antigoaleko funikularrean Igeldo mendiraino...
Donostiak milaka aukera eskaintzen du hiri eder eta ahaztezin honekin gozatzeko; gune ezin politago honetan beste edonon ez bezalako sentipenak biziko dituzu.
Kantauri itsasoaren ertzean, eta Urgull, Igeldo eta Ulia mendipean dagoen Gipuzkoako hiriburua, Euskadiko turismo eta kulturgune printzipaletakoa da.
Donostiaren nortasun agiri nagusia Kontxako Badia da. Beti da dotore eta eder, udan zein negu partean... etzara damutuko gero, geldialditxo bat egin eta hari so egonda...
Donostiak hiru hondartza ditu, eta bakoitzak nortasun propioa du, gainera. Kontxa, dotore eta lasaia; Ondarretakoa babesean gordeta dagoen pixpirina... eta Zurriolakoa berriz, gazte usain nabarmena duena, eta itsasoari zabaltzen zaionez, surf zaleentzat ezin aproposagoa.
Paseo eroso bat emanez, Eduardo Chillida eskulturagile maisuaren Haizearen Orrazira helduko zara. Artea eta Natura ezin hobeto ezkontzen dira hemen... eta zorioneko bazara, Kantauri itsasoko olatu biziak altzairuaren kontra danbaka ikusteko beta izango duzu.
Arrantzaleen kaiak ere merezi du bisitaldia egitea. Eta haren muturrean itsasora bidean, Akuariuma topatuko duzu. Espainiar Estatuan natur-zientziei eskaini zitzaien estreinako museoa hain zuzen ere. Bada barruan tunel eder bat, Ozeanarioa 360 graduko ikuspegiz ikusi ahal izateko.
Donostia hiri bizia da; etengabeko berrikuntzan dagoena, eta urtero arkitektura proposamen berriak biltzen dituena.
Rafael Monek diseinaturiko Kursaala da aurrekoaren adibideetariko bat. Beira zeharrargitsuko bi kubo hauetan gauzatzen da hiriko kultur eta Biltzar jarduera nagusiena. Eraikin bikain honetara irailean hurbiltzen bazara, seguruenik zinema munduko izar distiratsuren bat topatu ahal izango duzu, Donostiako Zinemaldiaren egoitza ofiziala baita.
Donostiako memoria bizia Alde Zaharrean azaleratzen da. Kale estu ugarik osatzen duten auzo honetan daude hiriburuko eraikin zaharrenetariko asko; besteak beste Santa Maria eliza edota San Telmo museo eraberritua.
Donostiako Alde Zaharrean bada beste altxorrik ere: Donostiako neurri txikiko gastronomia mundu osoan famatu duten taberna eta jatetxe ugari topatuko baituzu bertan. Bost zentzuak esna jarri, giroaz gozatu, zurrunbiloan murgildu, eta Donostiako pintxoekin bapo asebetetzeko aukera izango duzu.
Donostian, hiria eta sukaldaritza eskutik doaz; ez da munduan beste lekurik, metro karratuko hainbeste Michelin izar duenik... Ahosabairik finenaren paradisua da.
Eta hirian zehar paseoan ibili ostean, igo zaitez Igeldo mendira funikular ospetsuan... Han goitik, munduko ikuspegirik ederrenetako batekin gozatzeko parada izango duzu.